XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), eta egunkaria bere eserlekuan utzita badoa agurrik egin gabe; honek esan nahi du, pentsatzen du gazteak, komunera doala; laster baitugu Gasteiz, ikusi besterik ez dago lur laua, garia ebaki berria, oraindik dena hori, baina dena huts... urrea eraman eta hondar lehor-zutimotza ustelarentzat utzi balute bezala, eta biok batera jaitsiko gara, beraz, espero dut behintzat; baina estuegi du galtza hori; mehexeagogo balego, edo jaisterakoan piska bat hurbiltzeko modurik aurkituko banu....

Eta gizona ez da honez gero etorriko, trenaren abiadura bera ere gutxitzen hasia da; begiratzen du gora, maletegira, joandakoak zer ahaztu...... nahi gabe ere honelakoetan joaten baitzaizkio begiak, eta altxatu denean ikusten du gizona, gizon prestua, señoritua, aulki-laguna, lehen baino dotoreago!, jaka, gorbata eta guzti jantzia, beste aldera doala, lehenengo klaseko wagoira!; harritzen da, baina hala da, gizon bera baita!, eta betiko ohiturari jarraituz maletegira eta gero eserlekuetara begiratzen duenean hartzen du egunkaria, askotan behar baita!, señorituak erregaloz utzia!... eta ikusten du, agur ere egin gabe alde egin duen gizonak utzi duen lekuan, giltza bat....

Ez du bi aldiz pentsatu beharrik, eginak ditu bere buruan erreflejo honen gurpilak, hartzen du eta botatzen poltsikora eta badoa gizonaren atzetik; gehiegi hurbildu gabe, ordea...... beste bat dirudi orain!... jaisten ari da lehen klaseko wagoi dotoretik apain asko, eta hor ditu neska gazte bat eta gizon bat bere zain, eta harrera errespeto handiz egiten diote... don Anastasio, esan dio lehen eskua eman dion andereñoak, exekutiboak dirudite beste exekutibo bati ongietorri egiten!... Hara gizon inportantea....